Edukira joan

Ludwig van Beethoven

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ludwig van Beethoven

Bizitza
JaiotzaBonn1770eko abenduaren 16a
Herrialdea Electorate of Cologne  1794)
 Austriar Inperioa  (1822 -
BizilekuaBeethoven House (en) Itzuli
Talde etnikoaalemaniarra
Flandriarra
Lehen hizkuntzaalemana
HeriotzaViena1827ko martxoaren 26a (56 urte)
Hobiratze lekuaVienna Central Cemetery (en) Itzuli
Q38103979 Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: zirrosia
Familia
AitaJohann van Beethoven
AmaMaria Magdalena van Beethoven
Ezkontidea(k)ezkongabea
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Irakaslea(k)Christian Gottlob Neefe
Joseph Haydn
Antonio Salieri
Johann Baptist Schenk
Johann Georg Albrechtsberger
Gilles van den Eeden
Muzio Clementi
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, piano-jotzailea, orkestra zuzendaria, musika-irakaslea, organista, Birtuosoa, improviser (en) Itzuli, biolin-jotzailea eta idazlea
Lantokia(k)Bonn
Viena
Mödling eta Baden
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakJohan Joseph Fux, Johann Sebastian Bach, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozart
KidetzaArteen eta Zientzien Herbehereetako Errege Akademia
Mugimenduaklasizismoa
erromantizismoa
Musika instrumentuapianoa
biolina
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

beethoven.de
IMDB: nm0002727 Allocine: 36060 Allmovie: p81201 IBDB: 11364
Youtube: UCnsAooIr-Dsr8zJOCSadQcA Spotify: 2wOqMjp9TyABvtHdOSOTUS iTunes: 1130028 Last fm: Ludwig+van+Beethoven Musicbrainz: 1f9df192-a621-4f54-8850-2c5373b7eac9 Discogs: 95544 IMSLP: Category:Beethoven,_Ludwig_van Allmusic: mn0000536126 Find a Grave: 9528924 Edit the value on Wikidata

Ludwig van Beethoven (Bonn, Alemania, 1770eko abenduaren 16a[oh 1] - Viena, Austria, 1827ko martxoaren 26a) alemaniar musikagilea, orkestra zuzendaria eta piano-jotzaile birtuosoa izan zen, klasizismotik erromantizismorako aldaketaren aitzindari nagusietakoa, eta haren ondareak eragin erabakigarria izan du arte horrek gerora izan duen bilakaeran. Beethovenen lanen artean, nabarmentzekoa da Bederatzigarren Sinfonia, Europar Batasunak ereserkitzat hartua.

Vienako klasizismoaren azken ordezkari handia izanik (Christoph Willibald Gluck, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozarten ondoren), Beethovenek Erromantizismoaren musika zabaltzea lortu zuen, XIX. mendeko musika-lan askotan eraginez. Haren artea genero askotan adierazi zen, eta nahiz eta nazioarteko ospearen iturri nagusia sinfoniak izan, bere eragina bereziki esanguratsua izan zen pianorako eta ganbera-musikarako obretan.

Bere lanek genero hauek daude: Piano (pianorako hogeita hamabi sonata), ganbera (zortzi eta bi kide bitarteko talde instrumentalentzako obra ugari), Kontzertua (pianorako, biolinerako eta hirukoterako kontzertuak), erlijioso (bi meza, oratorio bat), Lied, musika intzidentala (Fidelio opera, ballet bat, antzezlanetarako musikak) eta orkestra. Genero horietan, bederatzi sinfoniak hartzen dute leku nagusia.

Lehenengo urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beethovenen jaiotetxea, Bonn hiriko Bonngasse kaleko 20.ean; gaur egun, Beethoven-Haus museoa da.

1770eko abenduaren 16an jaio zen[oh 1], Alemaniako Bonn hirian, familia apal batean. Aitona, Ludwig, 1733 inguruan joan zen Bonnera bizitzera, eta printzearen kaperako maisu izatera heldu zen. Gurasoek, Johann van Beethovenek eta Maria Magdalena Keverichek, zazpi ume izan zituzten, baina hiruk baizik ez zuten bizirik iraun.

Beethovenen jaiotze datak eztabaida asko eragin ditu musikologo eta historialarien artean. Batzuen ustez, 15ean izan zen, eta, beste batzuen ustez, berriz, 16an. 16aren alde egin da bataioa 17an izan zelako, eta umeak jaio ondorengo egunean bataiatzea zen ohitura hiri hartan. Nolanahi ere, Beethovenek berak 15ean jaio zela uste zuen.

Aita, Johann, izan zuen bere lehen maisua, Koloniako printze hauteslearen kantaria baitzen Bonnen. Ludwig gazteak musikarako gaitasun ukaezina erakutsi zuen, eta aitak, semearen trebetasunari etekinak atera nahirik, zortzi urterekin lehenengo piano kontzertua ematera bultzatu zuen (1778), eta bira bat egin zuten Herbehereetan zehar (1781). Maximiliano Franz hautesleak, nobleziako gizon aberats eta boteretsuak, babespean hartu, eta lana eman zion ordezko organista gisa. Lanpostuak ahalegin handia eskatzen zion Ludwigi, eta haurtzaro eta gaztaro osoak musikari eman zizkion, jolasik eta adiskiderik gabe, etengabeko zaintzapean eta familia giro ezin txarragoan. Horrek guztiak eragin handia izan zuen bere izaera hezigaitz eta erromantikoan.

Hamaika urte besterik ez zuela, Beethoven bazen antzerki orkestra txiki baten biolin jotzaile. Garai hartan, Christian Gottlob Neefe organo-jotzailearen eragina guztiz onuragarria gertatu zitzaion, hari esker hasi baitzen Johann Sebastian Bachen eta Carl Philipp Emanuel Bachen artea ikasten. Neeferen laguntzaile bilakaturik, 1782an —hamabi urte zituela—, maisuaren lekua hartu zuen hauteslearen kaperako organoan, eta, urte bete geroago, gorteko klabean. Orduan ezagutu zituen Beethoven gazteak Frantziako eta Italiako musika liriko, bai eta Mozart ere (1784). Argitaratu zuen lehen lana M. Dresleren martxa baten bariazioak klaberako izan zen (1782).

1787an, 17 urte zituela, familiaren presioari ihes egiteko bidea aurkitu zuen Beethovenek, bere babesleak bultzatuta Vienara, Austriako hiriburura, joateko aukera izan baitzuen. Bidaia hartan, Beethovenek kolpe gogorra jasan zuen, alde egin eta aste gutxira bere ama gosez hil baitzen. Bonnera itzuli zenean, panorama ezin ilunagoa aurkitu zuen jaioterrian: aita langabezian, alkoholismoak jota eta seme-alabak zaintzeko ez gauza. Ludwig gazteak bere gain hartu behar izan zuen Johann eta Karl anaia gazteen heziketaren ardura, eta familia mantendu behar izan zuen bost urtez orkestra batean biolina joz eta piano eskolak emanez.

1789an, Bonngo unibertsitatean, filosofia ikastaroetan esku hartu zuen, eta, bere kabuz, Homero, Platon, Plutarko, Shakespeare eta bere garaiko idazle garrantzitsuenen idazlanak ezagutu zituen.

Bere karrera Vienan finkatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beethovenen erretratua, 1801ean, Carl Traugott Riedelek (1769–1832) egina.

1792an, babesleak Vienarako beste bidaia bat ordaindu zion, eta, geroztik, ez zen hiri hartatik aldendu, bidaia labur batzuetarako izan ezik. Hurrengo urtean, Joseph Haydnekin hasi zen ikasten, eta hark Londresa joan behar izan zuenean, Johann Baptist Schenkekin kontrapuntua, Johann Albrechtsbergerrekin fuga eta Antonio Salierirekin Italiako estiloko musika konposizioa sakondu zituen. Vienako goi-mailako gizarteak azkar onartu zuen, eta piano-jotzaile eta musikagile lanari ekin zion. Garai horretakoak dira Pianorako hiru trioak, Zenbait bariazio, Minue eta dantza alemanak, Hari kintetoa eta Liedak[1]. 1795ean arrakasta handia lortu zuen Vienako entzuleen aurrean aurkeztean, eta urtebete geroago Nurenbergen, Pragan, Dresdenen eta Berlinen eman zituen kontzertuetan, Frederiko Gilen I.a Brandeburgokoaren aurrean jo zuelarik azken horretan.

Gorreria eta garai distiratsua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rudolf artxidukea, Beethovenen babesle.

1796an, gorreriaren lehen sintomak sumatu zituen. Eritasun hori areagotuz joan zitzaion; harik eta 1819an, erabatekoa gertatu zen arte. Haren lagunen artean, aipatzekoak dira Brunswick familia, Amenda eliz zuzendaria, Schuppanzigh biolin-jotzailea eta Schindler orkestra zuzendari eta geroago haren biografoa izango zena. Garai distiratsu hartan egin zituen bere lehen lan bikainak: Pianorako sonatak, Patetika deiturikoa horien artean dela (1799); Lehen sei hari kuartetoak (1800); Cuasi una fantasia edo Ilargi zuria sonata (1802); Piano eta biolinerako sonata edo Kreuzeri sonata (1802). 1803an Bigarren Sinfonia argitsua egin zuen, Haydn eta Mozartengandik hain hurbil dena, eta jadanik Beethovenen izpiritua garbi erakusten duena.

Waldstein kondeak, zeinari eskaini baitzion Aurora izena duen 21. sonata, garai hartako Vienako jende hautatuen aurrean ezagutzera eman zuen. Hala, 1809an, Rudolf artxidukeak, Lobkowitz dukeak eta Kinsky jaunak bizimodua ziurtatu zioten errenta baten bidez.

Bosgarren Sinfonia, op. 67.

1802tik (Hirugarren Sinfonia) 1812ra (Zortzigarren Sinfonia) doazen hamar urteetan, Beethovenen artea hedatu eta aberastu egin zen. Garai hartan, amodiozko adiskidetasunak argitua (Teresa eta Josefina von Brunswik, Maria von Erdödy, Bettina Brentano) eta etsipenak ilundua (Avalia von Sebald, Teresa Malfatti), lan bikain asko eman zuen argitara, hala nola Piano, biolin eta biolontxelorako kontzertu hirukoitza (1804); Sonata op. 57, Appassionata deiturikoa (1804); Fidelio, Beethovenen opera bakarra eta arrakasta handirik gabe jokatua (1805); Laugarren Sinfonia (1806); Laugarren piano kontzertua (1806); Coriolan obertura (1807); Koru, orkestra eta pianorako fantasia (1808); Bosgarren eta Seigarren Sinfoniak, azken hori Pastorala ere deitua (1808); Sonata op. 81, Agurrak deitua (1809); Bosgarren piano kontzertua (1810); Egmont obertura (1810); Piano, biolin eta biolontxelorako trioa op. 97, Artxiduke ere deitua; Zazpigarren eta Zortzigarren Sinfoniak (1812).

Isiltasun eta gaixotasun aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beethoven 1815ean, Joseph Willibrod Mählerrek eginiko erretratua.

Goetherekin elkartu zen 1812ko udan, eta, topaketak etsita, Maite hilezkor-ari gutun bitxia idatzi zion, eta isiltasun aldian sartu zen. Gaixorik, heriotzak kezkatua eta estutasunak pairatuz, Karl ilobaren heziketa hartu zuen bere gain anaia hiltzean (1815), eta eginbehar horrek buruhausteak areagotu zizkion. Bitartean, arian-arian, Rossiniren eta, oro har, italiar musikaren alde lerratu zen Vienako musikazaleen faborea. Aldizka etsipenean eroria bazirudien ere, aurrerantzean, bere lanean zuen fedea erakutsiz, etorkizuneko gizonentzat idatzi zuen musika.

Gorreria eta bakartasunaren horma bikoitzaren barnean, azken urteetan, musikaren historian idatzi diren lan miresgarrienetako batzuk egin zituen, XIX. mendeko musikaren bilakaera bideratu zutenak. Beethovenen aro honi dagozkion lanik nabarmenenak dira: azkeneko bost sonatak, Sonata Handia op. 106, Hammerklavier (1818) tartekoa delarik; Missa Solemnis (1822); Diabelliren bals bati buruzko 33 bariazioak (1823); Bederatzigarren Sinfonia (1824) eta azken sei kuartetoak (1824-1826). Estuasunek larritua eta osasun aldetik arras eroria, azken urtea tragikoa izan zen Beethovenentzat. 1827ko martxoaren 26an hil zen; Vienak hileta ikusgarriak eskaini zizkion.

1827ko martxoaren 29an egin zen Beethovenen hileta-elizkizuna, eta 20.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren.
Beethovenen hilobia Vienako Zentralfriedhof-en (Erdiko hilerria)

Hurrengo egunean, 1827ko martxoaren 24an, Beethovenek oliadura eta komunioa jaso zituen, erritu katolikoaren arabera. Aipatzekoa da Beethovenen sinesmen pertsonalak ez zirela oso ortodoxoak izan. Arratsalde hartan bertan, koman sartu zen berriro ez esnatzeko bi egun beranduago arte. Nikolaus Johann anaiak, koinatak eta Anselm Hüttenbrenner miresle baldintza gabeak lagundu zioten azken uneetan, bada, lagun bakanak hilobi baten bila joanak baitziren. Haren azken hitzak Rhingo ardoari zuzenduak izan ziren (enkarguaren zain luzaro egon ondoren etorri eta musikariaren osasunean ondorio onak izango zituela espero zena): «Beranduegi, beranduegi...»[2].​ Hüttenbrennerrek honela kontatu zituen konpositorearen azken uneak 1827ko martxoaren 27an:

« Etzanda geratu zen, konorterik gabe, arratsaldeko 3retatik bostak arte. Bat-batean, tximista batek jo zuen trumoi bortitz batek lagunduta, eta argi itsugarri batek argitu zuen hil urrenaren gela. Bat-bateko fenomeno haren ondoren, Beethovenek begiak ireki, eta eskuin eskua jaso zuen ukabila itxita, mehatxuzko aurpegiera batekin, esan nahian: «Potentzia etsaiak, erronka botatzen dizuet! Jainkoa nirekin dago!» edo garrasi egiteko prest, buruzagi adoretsu batek bere tropei egiten dien bezala: «Eutsi, soldaduok! Konfiantza! Garaipena gurea da!». Eskua berriro ohe gainera erortzen utzi zuenean, begiak dagoeneko itxita zituen. Nik eskuineko eskuaz eusten nion buruari, ezkerra, berriz, bere bularraren gainean neukan. Ezin izan nuen gehiago haren arnasaren hatsa sentitu; bihotzak ez zuen taupadarik ematen. »
Anselm Hüttenbrenner.[3]
Beethovenen hil-maskara, Josef Danhauserrek egina.

Hil eta hiru egunera izan zen hileta, martxoaren 29an. Trinitate Santuaren elizan ospatu zen, Beethovenen etxetik pare bat etxaditara, eta, bertan, Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem re minorrean interpretatu zen. Hiletara 20.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren, horien artean Schubert, haren miresle handia. Franz Grillparzer poetak idatzi zuen hileta-otoitza, Heinrich Anschütz aktoreak irakurri zuen Währing-eko hilerriaren atarian, gaur egun Schubert Park.

Bere idazmahaian, 1802an idatzitako Heiligenstadt-eko testamentua aurkitu zen, non bere anaiei bere samintasun sakonaren zergatia azaltzen dien. Bere «maitale hilezkorrari» zuzendutako maitasun-gutun lazgarria ere aurkitu zen, zeinari «nire aingerua, nire osotasuna, nire ni bera» deitzen dion[4].

Heriotzaren arrazoiei buruzko ikerketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beethovenen ile-sorta baten eta bere garezurraren zati baten azterketa batzuen ondorioz, berun-kontzentrazio altuak aurkitu ziren.

Bere bizitzan zehar, Beethovenek mediku asko bisitatu zituen bere gaitz fisikoak sendatzeko, hala nola digestio txarra, abdomeneko min kronikoa, zirrosi hepatikoa, nefropatia, pankreatitis kronikoa, suminkortasuna, depresioa eta etiologia frogaturik ez duten beste sindrome batzuk, esaterako, gastrointestinalak, bronkioetakoak, artikulazioetakoak eta begietakoak[5].​ Lagun bati idatzitako gutun batean adierazi zuen bere gorpuzkiak, hil ondoren, bere gaixotasunaren zergatia zehazteko eta beste batzuek bere sufrimendu bera jasan ez zezaten erabiltzeko desioa[6]. Hil zenetik, ​1827an, berrogeita hamasei urte zituela, espekulazio eta ikerketa asko izan dira haren gaitz anitzen eta heriotzaren arrazoiei buruz, baina ez dute lortu patologia sistemiko bat zehaztea, behintzat beren sindrome gehienak esplikatzeko[6][5].

2005ean, Warrenvilleko (Illinois) Pfeiffer Tratamendu Zentroan egindako ikerketek haren heriotzaren arrazoiei buruzko zenbait datu azaleratu dituzte. Bere ilearen eta garezurraren zati baten ile-sorta baten analisiek berun kontzentrazio altuak adierazi zuten, eta horrek esan nahi du konpositoreak saturnismoa izan zezakeela. Itxuraz, berunez kutsatutako ura hartzen zuen Beethovenek, sendatzeko propietateak zituelakoan landa-erreka batetik lortzen zena. Azken ikerketen arabera, ordea, edateko erabiltzen zituen edalontzien berunagatik izan zen. Ikerketa horien ondorioz jakin ahal izan zenez, konpositoreak urdaileko arazoak zituen hogei urte zituenetik, eta, batzuetan, krisi depresiboak ere izaten zituen[7]. Urdaileko arazoak eta hogei urterekin izan zuen nortasun-aldaketa bat datoz berun bidezko pozoitzearen diagnostikoarekin[6].​ Ikerketa horietan, halaber, nabarmentzen da ez dagoela kadmio edo merkurio maila hautemangarririk ile-sortan eta hezurrean, aurrez Beethovenen gaixotasunaren eragiletzat identifikatu ziren elementuak. Burezurrean beruna egoteak baieztatu zuen musikariak elementu horrekiko esposizioa ez zela gertaera puntual bat izan bere bizitzan, baizik eta urte askoan jasan behar izan zuela. Berunez pozoitzeak eragindako gorreria kasu bitxi batzuk badauden arren, ez dago Beethovenek pairatu izanaren arrazoia hori izan zela baieztatzen duen ebidentzia sendorik[6].

Beste ikerketa baten arabera, Beethoven koma hepatikoa eragin zuen gibeleko gutxiegitasun baten ondorioz hil zen. Gainera, baliteke azken septizemia jasatea, aurretik Aszitis fistulizatu eta infektatu batekin. Ez dago ziurtasunez esaterik, giltzurrun-gutxiegitasun batek eta diabetes desorekatu batek eragin ote zioten heriotza. Medikuntza modernoan, haren heriotzaren arrazoia akats multisistemikotzat katalogatuko litzateke, gibeleko gutxiegitasunak eraginda[5].

Heiligenstadt-eko testamentuaren Faksimilea

Beethovenen bizitza pertsonala arazotsua izan zen, gortasuna gero eta handiagoa zuelako, eta horrek suizidioa planteatzera eraman zuen, Heiligenstadt-eko testamentuan aurkitutako dokumentuetan adierazi zuenez. Sarritan, Beethoven suminkorra zen, eta baliteke nahasmendu bipolarra izatea[8].​ Hala ere, lagun leialen zirkulu intimo bat izan zuen bere bizitza osoan, agian, bere nortasun ospetsuaren sendotasunak erakarrita. Bizitzaren azken aldera, Beethovenen lagunak lehian aritu ziren konpositoreari bere ezintasun fisikoak arintzen laguntzeko[9].

Beethovenek agintearenganako eta klase sozialen sistemarekiko sentitzen zuen mespretxuaren ebidentzia ugari daude. Entzuleak elkarrekin hitz egiten hasten baziren edo erabateko atentzioa jartzen ez bazuten, gelditu egiten zuen piano emanaldia. Gizarte-ekitaldietan, uko egiten zion interpretatzeari, aldez aurretik jakinarazi gabe gonbidatzen bazuten. Azkenean eta liskar askoren ondoren, Rudolf artxidukeak oinarrizko etiketa-arau batzuk ezarri zituen gortean, Beethoveni eragiten ez ziotenak[9].

Beethoven historiako musikagile handienetakotzat hartzen da. «Hiru B-ak» taldeko partaidetzat ere aipatu ohi da, Bach eta Brahms-ekin batera, musikaren historian hirukote horrek izandako garrantzia dela eta. Haren lanaren bilduma handia 137 opus zenbatuek eta zenbakirik eman gabeko beste 205 lanek osatzen dute. Ohiko estetikak darabiltzan kanonen arabera, Beethovenen lana sailkaezina da: ez da klasikoa, ez eta erromantikoa ere. Hala, interpretazio orori ihes eginik, lan horrek formen etengabeko eztabaida baten lekukotza ematen du; hizkuntzari buruzko galdera beti irekia izanik, erantzuna behin-behinekoa baizik ezin izan daiteke. Indar moral menderakaitzaren adierazpidea, aldizka borondatearen, heroismoaren eta arraitasunaren garaipena kantatzen du, askatasunaren bidean barna abiaturiko gizonaren ideia baikorra hedatzen baitu.

Ikuspegi orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beethovenek genero ugaritako, eta musika-tresnen konbinazio askotarako obrak konposatu zituen. Orkestra sinfonikorako bere obrek bederatzi sinfonia (Bederatzigarren sinfoniak abesbatza bat dakar) eta noizbehinkako musikako dozena bat pieza inguru hartzen dituzte barne. Instrumentu bakarlari edo gehiagorentzat eta orkestrarako, bederatzi kontzertu konposatu zituen, baita orkestraz lagundutako bakarlariak barne hartzen dituzten lau obra labur ere. Fidelio da idatzi zuen opera bakarra, eta orkestrarako akonpainamenduarekin idatzitako ahots-lanen artean bi meza eta obra labur batzuk daude[10].

Pianorako obra ugari konposatu zituen, horien artean pianorako hogeita hamabi sonata eta bere beste obra batzuen moldaketak (piano bakarrerako edo piano bikoterako) barne. Pianoa akonpainamendu-tresna gisa erabiltzen duen obretan biolinerako hamar sonata, biolontxelorako bost sonata eta korno frantseserako sonata bat daude, baita lied ugari ere[10].

Beethovenek sortu zuen ganbera musikaren kopurua nabarmena izan zen. Hamasei hari-laukoteez gain, bost lan idatzi zituen hari-boskoterako, zazpi pianodun hirukoterako, bost hari-hirukoterako eta dozenatik gora haize-instrumentuen askotariko konbinazioetarako[10].

Pianorako 8. sonata, do minorrean, lehen eta bigarren mugimenduak

Pianorako 14. sonata do sostenido minorrean, lehen mugimendua

Pianorako 32. sonata do minorrean, lehen mugimendua

Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza.

Wilhelm von Lenz idazle errusiarraren arabera, Beethovenen ibilbide musikala hiru alditan bana daiteke: goiztiarra, erdia eta berantiarra. Aldi goiztiarrak, gutxi gorabehera, 1802. urtera arte iraun zuen; erdiak 1803tik 1814ra arte, eta berantiarrak 1815tik konpositorearen beraren heriotzara arte. Lenz-ek Beethoven et ses trois styles (1852) liburuan azaltzen duen zatiketa hori zabalki erabilia izan da harrezkero hainbat musikologoren eskutik.

Beethovenen aldi goiztiarrean, bere aurrekoek (Joseph Haydnek eta Wolfgang Amadeus Mozartek batez ere) izugarrizko eragina izan zuten haren musikan. Hala ere, norabide berriak ere esploratu zituen, eta, pixkanaka, bere lanaren esparrua eta anbizioa zabaldu zituen. Garai horretan, bere Lehenengo eta Bigarren Sinfoniak, Op. 18ko sei hari kuartetoak, pianorako lehen bi kontzertuak eta pianorako lehen hamabost sonatak (Op. 13 Sonata "Patetikoa" eta Op. 27ko 2.a "Ilargi zuri" Sonata ospetsuak barne) nabarmendu daitezke.

Erdiko aldia, heroikoa ere deitua, konpositorearen gorreriak eragindako krisi pertsonalarekin batera hasi zen. Garai horretan, Beethovenek eskala handiko obrak idatzi zituen, guda eta heroitasun kutsu handia zutenak (hirugarren sinfonia Heroikoa Napoleoni eskaini zion). Haren hurrengo sei sinfoniak (III.a, IV.a, V.a, VI.a, VII.a eta VIII.a) aldi horretan kokatzen dira, baita pianorako azken hiru kontzertuak, kontzertu hirukoitza, biolin kontzertua, bost hari kuarteto (VII.etik IX.era), pianorako hainbat sonata (Op. 53 Waldstein eta Op. 57 Appassionata ezagunak barne), biolinerako Kreutzer Sonata eta bere opera bakarra, Fidelio, ere.

Aldi berantiarra, 1815 inguruan hasi zen. Garai horretako lanek karga intelektual sakona, berrikuntza formalak eta intentsitate eta espresio sakon eta pertsonala dute ezaugarri. Horren eredu dira, besteak beste, 14. hari kuartetoa, zazpi mugimenduz osatua; eta 9. sinfonia, koru bat duen historiako lehen sinfonia. Missa Solemnis-a, azken bost soka kuartetoak (Große fugea barne) eta pianorako azken bost sonatak dira aldi horretako beste lan esanguratsu batzuk.

Behethoven herri kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beethovenen monumentua, erdiko zumardia, Mexiko Hiria.

Beethovenen presentzia sinbolo gisa eta ez soilik musikari gisa, erromantizismotik jasotako fenomenoa da. Tradizioz, Joseph Karl Stieler-en koadroaren ikuspegia zabaldu da, eta horren eragin izugarria, Andy Warholen 1987ko serigrafiek izandako arrakastaren ondoren azaleratu zen. Beste bertsio batzuk alde batera utzi dira, bai kalitate artistiko txikiagoa dutelako, bai musikariari buruzko herri-irudimenean jada ezarrita dagoen irudiarekiko alderdiren batean «egiazkotasun gutxikoa» den irudi bat erakusten dutelako[11].

Filatelia eta numismatika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu osoko herrialdeetako karta-posta, posta-zigilu eta bestelako dokumentu filateliko eta numismatiko ugari daude Ludwig van Beethovenen omenez. Alemania da herrialde emankorrena guztien artean, Frantzian, Monakon, Austrian, Afrikako hainbat herrialdetan eta Hego Amerikan, besteak beste, igorritako posta-zigilu dauden arren[12]. Guztira berrehun posta-zigilu inguru daude alemaniar konpositoreari eskainiak. ​Beethoven hainbat txanpon eta dominatan ere agertu da, kasu askotan bere jaiotzaren urteurrenen harira, heriotzaren harira edo jaioterrian, Bonnen, izandako gertakari aipagarriren bat oroitzeko sortutakoak. Txanpon edo domina horiek Europa osoko, Estatu Batuetako edo Asiako herrialdeetan egin dira[13].

Zinema, antzerkigintza eta telebista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpositorea askotan erakutsi izan da biografikoki zineman, antzerkian eta telebistan. Hauek dira horietako batzuk:

  1. a b abenduaren 17an bataiatua, orokorrean 16an jaio zela onartzen da, datua zehazki ezagutzen ez bada ere

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren hiztegia, lied, Euskaltzaindia
  2. Thayer et al. 1991, 1049-1050 orr. .
  3. Buchet 1991, 351 orr. .
  4. «Biografía de Ludwig van Beethoven - El Sitio de Ludwig van Beethoven -» www.lvbeethoven.com (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
  5. a b c Llanos López, Osvaldo. «Las enfermedades de Ludwig van Beethoven» Revista de Estudios Médicos Humanísticos jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-09-28) (Noiz kontsultatua: 2011-04-15).
  6. a b c d Enfermedad de Beethoven. solociencia.com jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-09-24) (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  7. «El veneno que mató a Ludwig van Beethoven» El Mundo 2005-12-13 (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  8. (Ingelesez) Beethoven bipolar?. 2007-07-26 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-08-11) (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  9. a b (Ingelesez) Ludwig van Beethoven. Grove Online (Noiz kontsultatua: 2009-03-26). Requiere subscripción.
  10. a b c «Ludwig van Beethoven» www.epdlp.com (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
  11. Saglietti, Benedetta. (2012). «Repensar la iconografía de Beethoven»] Síneris. Revista de musicología 6. (azaro-abendua).
  12. (Ingelesez) Stamps from France. lvbeethoven.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-28).
  13. (Ingelesez) Coins and medals about Beethoven. lvbeethoven.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-30).
  14. (Ingelesez) Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  15. (Ingelesez) Das Leben des Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  16. (Ingelesez) Un grand amour de Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  17. (Ingelesez) Fantasía. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  18. (Gaztelaniaz) «Los grandes de la historia» Doblaje Wiki (Noiz kontsultatua: 2018-12-06).
  19. El grande y genial músico, Beethoven. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 6 de diciembre de 2018) (Noiz kontsultatua: 2018-12-06).
  20. (Ingelesez) Le Neveu de Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  21. (Ingelesez) Beethoven Lives Upstairs. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  22. (Ingelesez) Immortal Beloved. imdb.com (Noiz kontsultatua: 3 de abril de 2009).
  23. (Ingelesez) Copying Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).
  24. Ficha en inglés del cortometraje de animación en el sitio Animator.
  25. (Ingelesez) Ludwig van Beethoven. imdb.com (Noiz kontsultatua: 2009-03-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]