Gengis Khan
Gengis Khan[1] (Mongoliera modernoan Чингис хаан, Chinguis Jaan; mongoliera klasikoan: ᠴᠢᠩᠭᠢᠰ ᠬᠠᠭᠠᠨ, Chiñguis Jagan) (Dulun Boldak, 1162 ing. - Yinchuan 1227ko abuztuaren 18a) gerlari eta konkistatzaile mongoliar tribu guztiak batu, eta Mongolen Inperioa (historiako elkarren ondoko inperiorik handientzat hartua) sortu zuen printzea izan zen. Benetako izena Temudjin zuen, eta tenplu izena Taizu. Asiako hainbat erresuma konkistatu zituen, hala nola Hsi-Hsia Erresuma (txinatarrak), Kara-Khitai Erresuma eta Khwarezm Inperioa (musulmanak).
Bere gidaritzapean, Khan Handi gisa, mongoliarrek konkista aldi bati ekin zioten, eta lurralde zabal batera hedatu zuten beren nagusitasuna, ekialdeko Europatik Ozeano Barera, eta Siberiatik Mesopotamiara, Indiara eta Indotxinara. Hedapen horren lehen fasean, horda mongoliarrek erresuma garrantzitsuak konkistatu zituzten Asian, hala nola Txina iparraldeko Jin Inperioa, Tangut Inperioa, Kara-Kitaiko khanganerria, Korasmiar Inperioa edo Song dinastia Txina hegoaldean.
Bere arrakasta militar apartek inoiz izan den konkistatzailerik garrantzitsuenetako bat bihurtu zuten Gengis Khan, eta, Khan Handiaren bizitzaren amaieran, Mongolen Inperioak erdialdeko Asiaren eta Txinaren zati handi bat hartzen zuen[2]. Gengis Khan eta bere konkisten historiak ospe beldurgarria dute tokiko historiatan[3]. Erdi Aroko kronista eta gaur egungo historialari askok Gengis Khan-en konkistak erabateko suntsipentzat deskribatzen dituzte, aurrekaririk gabeko eskala batean, eta horrek, zenbait eskualdetan, biztanleria erabat gutxitzea ekarri zuen, bai sarraski masiboen ondorioz, bai gosetearen ondorioz. Gengis Khanen kanpaina militarren ondorioz hil ziren pertsonen kopuruaren estimazioak dira: lau milioi inguru dira estimazio kontserbadoreenetan eta hirurogei milioi kontakizun historiko liberalenetan[4][5][6]. Bestetik, Uigurreko Qotxo Erresuma budistak, adibidez, askatzaile gisa ikusten zuen, eta bere borondatez utzi zuen Kara-Kitaiko khaganerria basailu mongoliar bilakatzeko. Pizkunde goiztiarreko iturriek ere Gengis Khanen ongintzazko erretratua egin zuten Mongolen Inperioaren mendean Zetaren Bidean kultura, teknologia eta ideien hedapen handiari errespetu adieraziz.
Bere arrakasta militarretatik harago, Gengis Khanen lorpen zibilek ekarri zuten mongoliar legea ezartzea eta uigur alfabetoa bere lurralde zabaletan idazteko sistematzat hartzea. Meritokrazia eta tolerantzia erlijiosoa ere praktikatu zituen. Egungo mongoliarrek Mongoliako aita fundatzailetzat dute Asiako ipar-ekialdeko tribu nomadak bateratzeagatik[7]. Zetaren Bidea inguru politiko kohesibo baten pean jartzean, Asia ipar-ekialdearen, Asia hego-mendebalde musulmanaren eta Europa kristauaren arteko komunikazioa eta merkataritza ere nabarmen erraztu zituen merkataritza globala bultzatuz eta garai hartako Eurasiako zibilizazio guztien kultura-horizonteak zabalduz[8].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leinu eta jaiotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Temudjin giro aristokratiko batean jaio zen, gizarte sakonki feudal batean. Hoelunen, Jesügei-ren bigarren emaztearen, lehen semea izan zen. Jesügei Jamag mongoliar konfederazio nomadan Borjigin klaneko buru[9] eta Ambaghai eta Qutula Khan-en iloba[10][11] eta Keraita tribuko Toghrulen aliatu zena[12]. Temudjin, aitaren aldetik ahaidetuta zegoen: Qabul Khan-ekin (Txina jurchengo mugei eraso egin eta haiengandik khan titulua jaso zuena), Ambaghai-ekin eta Qutula Khanekin, zeinak Khamag Mongol konfederazioaren buru izan ziren eta Bodonchar Munkeken ondorengoak ziren (900 ing.)[13][14]. Hoelun, bere ama, berriz, Jongirad tribuko Olkunut azpi-leinukoa zen[15][16]. Temudjinen jatorri nobleak, aurrerago, beste mongoliar tribuei laguntza eskatzea eta, azkenik, finkatzea erraztu zion[17].
Gengis Khanen jaioteguna eta jaioterria ez dira batere ziurrak; kontakizun historikoek 1155etik 1182ra doazen jaiotze-datak ematen dituzte, eta jaiotza-leku anitz. Rashid al-Din historialari arabiarrak baieztatu zuen Gengis Khan 1155ean jaio zela; Yuanen historiak, berriz, 1162. urtea ematen du, eta iturri tibetarrek, sinesgaitza bada ere, 1182 ematen dute data zuzentzat. Azterketa historiko modernoek baieztatu dute, neurri handi batean, Txinako historiak emandako 1162ko data dela errealistena, bada, 1155 edo 1182 datak Gengis Khan-en denbora-lerroko beste gertaera batzuetan nola islatuko liratekeen arazo garrantzitsuak direla eta[13]. Jaioteguna 1155ean onartzeak, adibidez, Gengis Khan 30 urterekin egingo luke aita, eta horrek esan nahiko luke tangutarren aurkako espedizioa berak gidatu zuela 72 urterekin. Mongolen historia sekretuak dio Temudjin haurtxo bat zela merkitarren eraso garaian, baina 1155eko jaiotza data batek, berriz, 18 urte izatera eramango zuen[13]. 1162ko data[18] hainbat iturrik baieztatu dute, 1992an UNESCOk agindutako mongolen egutegiari buruzko azterketa bat barne, zeinak 1162ko maiatzaren 1eko data zehatza iradoki baitzuen.
Gengis Khanen jaioterria misterioz inguratuta dago neurri handi batean, kokagune ugari proposatu baitira, horietako asko Burjan Jaldun mendiaren inguruan. Toki horietako bat Dulun-Boldaq da, Onon eta Kherlen ibaietatik gertu dagoena[13].
Tribu hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Temudjin hiru anaia, Qasar, Jachiun eta Temüge eta arreba batekin, Temülen, hazi zen, baita bi anaiorderekin ere, Bekter eta Belgutei. Mongoliako nomaden artean ohikoa zenez, Temudjinen lehen urteetan, zailtasunak izan ziren nagusi[19].
Bederatzi urte zituela, aitak ezkontza bat konpondu zion, eta Khongrad tribuko Börte bere emazte izango zenaren familiari eman zion. Temudjin Dai Setsen familiaburuaren zerbitzura bizi izan zen ezkontza-adina, 12 urte, bete arte[20][21]. Aita etxera bidean zihoala, auzo tatariarrekin topo egin zuen, luzaz mongoliarren etsai izanak zirenak, eta janaria eskaini zioten abegi oneko mozorropean, baina, horren ordez, pozoitu egin zuten. Horren berri izatean, Temudjin etxera itzuli zen aitaren buruzagi-postua erreklamatzera, baina tribuak atzera bota; familia abandonatu, eta babesik gabe utzi zuen[22].
Harrezkero, Temüdjínen familia (bera, bere ama eta sei anai-arrebak) behartasunean bizitzera behartuak izan ziren, basa-fruituez eta nekazaritza-uztaz, arrantzaz, idien hilotzez, marmotez eta Temudjinek eta bere anai-arrebek harrapatutako beste harrapakin txiki batzuez elikatuz[23]. Hori guztia are larriagoa izan zen klan etsaiengandik jasan behar izan zuten jazarpenagatik, batez ere taichi´ut-ena, Yesugeiren heriotzak hutsik utzitako balizko khaganerriaren bila zebilena. Denbora horretan, Temudjinen amak, Hoelunek, mongoliar politikari buruz irakatsi zion, klanen arteko batasunik eza barne, baita aldi baterako aliantzak sendotzeko ezkontza itunduen eta aliantza militar sendoen beharra ere, azken batean Mongoliaren egonkortasuna ziurtatzeko[24]. Izan ere, geroago, arrakasta izan zuen, hein batean, bere amak, gudari gisa, borrokaldian izan zuen rolagatik[25].
Denborarekin, Temudjinen anaiorde nagusia, Behter, boterea erabiltzen hasi zen familiako gizon nagusi gisa[23], eta horrek tirabirak sortu zituen familian; familiako gizonen ehizako ibilaldi batean, gainezka egin zuten, eta Behterren heriotza ekarri zuen Temudjinen eta bere anaia Qasarren eskutik[23].
Geroago, 1177. urte inguruko sarraldi batean, bere aitaren aliatu ohiek, , Tayichi'ud-ak, Temudjin harrapatu zuten. Esklabo bihurtu zuten, eta, diotenez, umiliatu, kanga batean (zepo eramangarri bat) preso sartu baitzuten. Guardia errukitsu baten laguntzaz, gauez ihes egin zuen ger-tatik, ibaiaren arraildura batean ezkutatuz[26]. Ihesak ospea eman zion Temudjini. Aldi horretan, beste jarduera batzuen artean razzietan parte hartuz, beste norbanako gazte batzuen fideltasuna hartzen hasi zen, maiz haren egoera berean zeudenak eta harekin bat egin zutenak. Laster, Jelme eta Bo'orchu elkartu zitzaizkion, eta haiek eta guardiaren semea, Chilaun, Gengis Khanen jeneral bihurtu ziren azkenean[27]. Bere lagunik leialena, Bo'orchu, izan zen elkartu zitzaion lehena; gaztetan, berarekin ibilia zen zaldiz, eta hark bidelapur tai-mutuei zortzi zaldiak ebazten lagundu zion, une hartan zeukan ondasun bakarra. Beste pertsonaia garrantzitsu bat Jamukha izan zen, odol nobleko gazte bat, anda edo «zinpeko anaia» zina egin zuena Temüdjínekin, Bo'orchu bezala. Dirudienez, Jamukharen jarrerak bere zinpeko anaiaren ibilbideari lagundu zion botererako lasterketan gora egiten; gero, ordea, haurtzaroko lagunaz jeloskor, haren kontra itzuli zen.
Horrela hasi zen eratzen etorkizunean bere guardia inperiala izango zenaren muina. Baina Jamukharen laguntza baino garrantzitsuagoa izan zen haren aitaren aliatu ohi batena, zeinaren anda izana baitzen: Togrhul, keraitarren khana eta bigarren mailako buruzagitzat onartu zuena. Aldeko jarrera horrek, Temudjinek zuen magnetismo pertsonalarekin batera, soldadu gehiagoren atxikimendua eman zion.
Une horretan, Temuyinen boterea are gehiago sendotuko duen istilu bat gertatzen da: klan merkitar batek Temuyinen emaztea, Börte, bahitzen du, baina, ordurako, Temudjin laguntza militarra eskatzeko moduan dago, eta Jamukha, bere kidearekin batera, oldarraldira batzen da. Horren ostean, merkitarren klana garaitua da, eta Gengis Khan izango denaren posizioa sendotu egiten da.
Boterea lortzeko liskarrek eta norgehiagokek Jamukha eta bere «zinpeko anaia»ren banantzea ekarri zuten; hala, Jamukha Temudjini sostengua kentzen saiatu zen, baina leinu-arrazoiengatik, karisma pertsonalagatik edo egoera hobeagatik, Jamukharen agindupeko klan asko harengandik aldendu ziren beren borondatez Temudjinen agindupean jartzeko.
Batasuna eta zabalkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XII. mendearen amaieran, jurchenek, Txinan, tartariarren aurkako kanpaina bat bultzatu zuten, zeinak, aurretik, Qabul Khan kentzeko erabili baitzuten, baina, orain indartsuegi bihurtu, eta mehatxu izaten hasiak ziren. Horretarako, klan keraitarrei (Togrilen agindupean) proposatu zieten mendebaldetik borrokatzea beren auzokideen aurka, eta jurchenek, bitartean, hegoaldetik eraso egingo zuten. Bere aliatuaren ondoan, Temudjinek eta bere gizonek borrokatuko zuten.
Kanpaina amaitu zenean, tartariarrek herri independente izatea utzi zuten, eta bi klanen boterearen mende geratu ziren. Txinatarrek tituluak eman zizkieten beren aliatuei, baina, horietan, Temudjin Togrilenganako menpekotasuna islatzen zen, zeinak wang (errege) titulua jaso baitzuen. Garaipen garrantzitsu horren ondoren, bi aliatuek inguruko tribuak menperatzen eta beren boterea handitzen jarraitu zuten. Jamukhak, halako igoera ikusita, Temudjin eta bere aliatuarekin haserre edo erresuminduak zeuden tribu guztien koalizioa bildu zuen.
Wang-Heang Togril, beharbada, Temudjinen botere gero eta handiagoaren beldur ere, orain haren «zinpeko anaia», edo adinean aurrera zihoalako, laguntzeko jarrera uzkurra garatzen hasi zen, haustura ekarri zuen arte. Gertaeraren eragilea, zehazki, Togrilek alaba Jotxirekin ezkontzeari (Temudjinen seme nagusia) uko egitea izan zen. Horrek haustura eta bi alderdien arteko gerrarako preludioa ekarri zuen. Wang-Khanek bat egin zuen Jamukharekin, eta gudarostearen buru jarri zuen. Liskarra gertatu zenean, Jamukha eta Togrilen indarren arteko barne zatiketek porrotera eraman zituzten, baita, Temudjineko kausari borondatez atxikitzeko, haien ondoan borrokatzen ziren klan asko utzi izana ere, Timuyinen mendean etorkizunerako aukera hobeak ikusten baitzituzten.
Horrela, keraitarren erorketa eta klan independentetzat zuten existentziaren amaiera gertatu zen. Orain naimandarrak ziren etorkizuneko khanari zuzenkien borrokatzen boterea, eta haren babespean babestu ziren Jamukha eta haren jarraitzaileak. naimandarrak laster izan ziren garaituak eta menderatuak (nahiz eta sektore batzuek beren borondatez egin zuten berriro).

Mongolen historia sekretuaren arabera, handik gutxira, Jamukharen bi jeneralek Gengis Khani entregatu zioten hura, baina honek, aurreko buruzagiari traizio egin ziotenez, ezerk ez ziela eragozten traizio egitea berari ere pentsatu zuen, eta exekutatu egin zituen. Gengisek barkamena eskaini zion Jamukhari bere odol-anaia izateagatik, baina hark erantzun zion zeruan eguzki bakarra zegoenez, Lurrean ere jaun bakarra egon zitekeela, eta heriotza noblea, odolik gabea, emateko eskatu zion. Gengis Khanek bere odol-anaiaren azken nahia bete zuen, eta bizkarrezurra hautsi zioten (1206).
Merkitarren klanaren hondarrak, naimandarren aliatuak izan zirenak, Subotai-k garaitu zituen, Temudjinen zaintza pertsonaleko kidea, Subotai jeneralik distiratsuena izango zen khanaren zerbitzuan.
1206. urtean juriltai bat ospatzen da Onon ibaiaren ertzean, tradizioz, Temudjinen bizitza politikoko puntu erabakigarritzat jotzen dena. Une horretan, Khan Handia (khaqan) titulua, eta Gengis Khan izena hartuko du (Gengis-ek ozeano esan nahi du, beraz, lurraren inguruko itsasoa bezain subiranotasun zabala adierazi nahi zuen, unibertsoko khan moduko zerbait). Une horretatik, konfederazioaren parte ziren tribu guztiak mongoliar izena hartzen dute, eta litekeena da Yassa juriltai horretan aldarrikatzea.
Inperioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1167an jaio zen, Baikal aintziratik gertu, giro aristokratiko batean. Borjigin klanekoa zen, Amur ibaitik Txinako harresirainoko eskualdean zabaltzen zena, eta haren aita Yesugei buruzagia zen. Aita tartariarrek pozoituta hil zen, eta Temudjin tribuaren buruzagi bihurtu zen hamahiru urte zituela.
Hori zela eta, hainbat klanek bere babesa emateari utzi zioten, eta, handik aurrera, haren familiak (ama, sei anaiak eta bera) pobrezian bizi behar izan zuen, nekazaritza eta arrantzatik. Horrez gain, matxinadak izan ziren, baita bere aitak utzitako boterea lortzeko hainbat borroka ere. Baina laster erakutsi zuen gaitasun eta indar militarra, eta, menpekoak garaitzeaz gain, inguruko herrialdeak ere garaitu zituen.

Garai hartan, razziak eta erasoaldi txikiak egiten zituenez, hainbat gazteren leialtasuna lortu zuen, eta berarekin elkartu ziren. Haien artean, Jamukha gaztea da aipagarriena. Jamukharen gizarte mailak (familia noblekoa zen) eragina izan zuen Temudjinen botererako bidean. Horrela, hasierako jarraitzaile horiek zirela eta, geroago, Temudjinen guardia inperiala izan zena sortzen joan zen. Hala ere, botere bidean, bere aitaren lagun Toghrilek (Keraiten buruzagiak) lagundu zion gehien, armadako bigarren lerroko nagusi izendatu baitzuen eta horrela gizon gehiago elkartu baitzitzaizkion.
Geroago, hainbat liskar eta lehia egon ziren botereagatik. Horien ondorioz, Temudjin eta Jamukha banandu egin ziren. Jamukha bere babesa kentzen saiatu zen, baina menpean zeuzkan klanak Temudjinen agintepean jarri ziren. Horrez gain, Troghril ere banandu egin zen bere alaba Temudjinen seme zaharrenarekin ezkontzeko baimena ukatu eta gero. Orduan, Jamukha eta Troghil elkartu egin ziren lehenago bere kidea izandakoari aurre egiteko, baina, haien armadako barne arazoak zirela eta, garaituak izan ziren, eta ondoan borroka egin zuten klan asko Temudjinekin elkartu ziren, gainera; beraz, Keraitak garaituak izan ziren, eta, geratzen zen botere indartsu bakarra Namianoak izanik, Jamukha eta bere jarraitzaileak haien babespean jarri ziren. Hala ere, garaituak izan ziren (baita Merkitak ere, geroxeago haien aliatuak izango zirenak), eta Jamukha atxilotu eta hil egin zuten.
Azkenean, 1206rako Mongolia guztia Temudjinen menpe zegoen. Tribuen batzar orokor batek Gengis Khan izendatu zuen Temudjin (39 urte zituen), Onon ibaiaren ertzean Quriltai izeneko zeremonia bat eginez. Uigurrera ezarri zuten mongoliarren ahozko eta idatzizko hizkuntza gisa, eta herrialde antolatuago eta orekatuago bihurtzeko lanetan hasi ziren. Karakorum, Mongoliako hiriburu izendatu zuten.
Oirateak, kirgizak eta uigureak garaitu eta boterearen oinarriak finkatu ondoren, Txinako konkista hasi zuen Gengis Khanek beste hainbat herrialderen laguntzarekin. 1208an, Txinako harresia zeharkatu zuten mongoliarrek, eta euste-puntu bat jarri zuten barruan. 1213an, mendebaldera eta hegoaldera bidali zituen armadak, eta Qin dinastiak gobernatzen zuen lurraldera sartu ziren. 1215ean, Yenking hiria (gaur, Beijing) hartu zuten. Txinako hegoaldera ez sartzea erabaki zuen, alde batetik, bere gizonentzat gogorregia zelako eta, beste aldetik, Txinako hegoaldea iparraldea baino indartsuagoa zelako.
1218an, Kara-kitai Erresuma lortu zuten. Azken horrekin, inperioak Khwarezm Inperio musulmanarekin (egungo Irak, Iran eta Turkestango zati bat) muga izatea lortu zuen, eta, hango agintariak erasorako asmorik ez zuela ematen zuenez, merkatariei inperiorako bideak zabaltzea erabaki zuen Gengis Khanek. Baina Ala al-din Muhammad agintariak, Mongoliatik itzultzen ari zen karabana bati, eraso egin zion, eta bertako pertsona guztiak hil zituzten. Horrengatik eta merkatu bideen erabateko jabetza lortu nahi zuelako, Gengis Khanek musulmanak erasotzea erabaki zuen. Ala al-dinek bere armada talde txikitan banatu zuenez eta mongoliarrak agertzean ihes egin zuenez, garaipena erraza izan zen, nahiz eta bere semea armada berriro osatzen eta mongoliarrei aurre egiten saiatu. Beraz, Bukhara eta Samarkanda (Khwarezmeko hiriburua) suntsitu zituen, haren jeneraletako bik iparraldean eta hegoaldean aurrera segitzen zuten bitartean. 1222an, gaur Errusia diren lurraldeetan sartu, eta Volga eta Dnieper ibaietatik Pertsiako golkoraino iristen zen eskualdea arpilatu zuten. 1223rako, Jwarizm guztia bereganatua zuten; geroago, Peshawar eta Lahore hiriak (Indiako iparraldea eta Pakistan) konkistatu zituzten.
1225ean, Mongoliara itzuli zen, garaile. Ondoren, sortu ziren matxinadak zapaldu zituen, Hisi-Hisiako lurraldean batez ere, ez zituztelako azken kanpainarako soldadurik bidali nahi eta matxinada hasiera izan zitekeelako (Gengis Khan hil arte ez ziren deuseztatu).
Gengis Khan 1227ko abuztuaren 18an hil zen Hisi-Hisiako Erresumari eraso egin baino lehen, zalditik erori eta pairatu zituen zaurien ondorioz, Hura hil ondoren, Mongolen Inperioa haren lau semeen artean banatu zen Ogodei hirugarren semearen agintepean. Ogodei, 1229an, khan izendatu zuen mongoliar printzeen batzarrak. Aitaren konkistak sendotu zituen; Txina iparraldea eta Korea menderatzea osatu zuen; inperioa zabaldu zuen; Georgia, Armenia eta Kaukasiari bere babesa eman zien, eta Errusiako Danubio lautadan sartu zen.
Kublai Khan bilobak Txina osoa (iparraldea zein hegoaldea) erabat menderatu zuen, eta Txinako enperadore garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen.
Mongolen Inperioa 1368an erori zen.
Armada eta estrategiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gengis Khanek ez zuen indarragatik bakarrik lortu Mongolen Inperioa, baita estrategia onak erabili zituelako eta gobernadore ona izan zelako ere. Haren ezaugarrietako bat izaera eta lider itxura ziren. Garai hartako batezbesteko mongoliarra baino altuagoa zen; buru zabala zuen, eta masailezur indartsua eta begirada sarkorra.
Mongoliarrak borrokalariak ziren; gizon libre guztiak (nobleak zirenak, behintzat), gaztetatik entrenatzen ziren gerrarako, eta zaldunen tradizio indartsu eta aspaldiko bat zuten. Horrek, Gengis Khanek armadaren antolaketan egindako erreformekin batera eta, batez ere, guardia pertsonalaren sorrerarekin (bere semeek eta beste familiako batzuek osatua), oso paper garrantzitsua izan zuen Mongolen Inperioaren sorreran. Hona haren erreforma batzuk:
- 10.000 (Touman), 1.000 (Mingan), 100 (Jegun) eta 10 (Arban) gizoneko taldeak egin zituen. Talde horietan, hainbat etnia eta tributakoak nahastu zituen, eta, horrela, armada barruko harremana hobetu eta sendotu zuen.
- Bere aginduak bidaltzeko mezularien sare handi bat jarri zuen martxan.
- Zaldi berriak eta ekipoa emateko lekuak jarri zituen.
Gengis Khanek, garaile izateko aukera eman zioten aldaketa horiez gain, diziplina inoiz baino gehiago sendotu zuen, eta arau zorrotzak jarri. Armada zaldunez osatzen zen ia erabat, eta, geroago, ingeniari talde bat sartu zuen setioak egiteko. Arkua armarik eraginkorrena zen: txikia zen eta zaldi gainean azkar zihoazen bitartean erabiltzeko erraza. Atzealdean, airearekin soinua ateratzen zuen tramankulu bat zuen, horrela gerlariak bazekien gezia nora zuzendu, nahiz eta ikusi ez. Armadurak indar handiz zula zitzakeen.
Tenperatura baxuak jasan ahal izateko, gerlari mongoliarrak jantzi egokiekin ibiltzen ziren, eta bidaia handiak egiteko beharrezko guztia eramaten zuten, baina zaldiek pisu handirik eraman gabe, borrokarako behar baitzituzten. Gerlariak aztertuak izaten ziren gerrara joan aurretik, eta tresneria egoera onean mantentzen ez zuena zigortua izaten zen.
Mongolen armadaren egitura, normalean, aurrealdean zaldun pisutsuen bi lerrokoa eta atzean zaldun arinen hiru lerrokoa izaten zen. Azken hori aurreratu, eta, gero, arkuak erabiltzen zituen, atzera itzultzen ziren zaldun pisutsuei bidea uzteko.
Beste ezaugarri garrantzitsu bat komunikazioa zen. Ostatuak zeuden puntuetan, janak jarri zituen janari, edari eta ordezko zaldiekin, bai mezularientzako eta baita espioientzako ere. Askotan, espioiak bidaltzen zituen karabanekin bidaia zezaten, eta, beste askotan, etsaiaren herritarrek ematen zioten informazioa. Aurkakoari eraso egin baino lehen, hari buruz ahalik eta informazio gehiena lortzen zuen, horrela eraso egokia prestatzeko.
Gerra psikologikoa ere erabili zuen; etsaiak garaitzeko, konkistatutako lurraldeetan beldurra zabaldu zuen. Mongoliarrek sarraski izugarriak egin zituzten, eta, herritarrei, ondorioak erakusten zizkieten (gorpuak, buruak...).
Beste abantaila estrategiko mongoliar bat zen etsaiek haiei buruz zuten ezjakintasuna, eta, etsaientzat, zaila izaten zen mongoliarren gerlarien kopurua kalkulatzea. Hainbat estrategia erabiltzen zituen, zaldien gainean panpinak jartzea, adibidez, eta horrek ezustekoa mongoliarren alde jartzen zuen.
Hona adibide batzuk:
- Txinako herrialde bat setiatu nahi izan zuenean, mongolek ezin zuten irabazi, eta, une horretan, Gengis Khanek bere adimena erakutsi zuen ondoko planaz: txinatarrei beren hiriko txori guztiak emateko esan zien, eta horrela bakean utziko zituela. Txinatarrek aginduak jarraitu zituzten; txoriak Gengis Khanen eskuetara iritsi zirenean su eman zien guztiei, eta txoriek beren habietara eta hiriko etxeen teilatuetara egin zuten ihes. Horrela, hiri osoak su hartu zuen, eta, biztanleak korrika ihesi astean, mongoliarrek eraso egin zieten.
- Beste batean, Targutai eta Yamuga-ren aurkako borrokan, Gengis Khanek armada txikiagoa zuenez, bere gizonei bakoitzak gizonaren tamainako panpina bat egiteko agindu zien eta haien badaezpadako zaldietan jartzeko. Orduan, armadak askoz handiagoa zirudienez, etsaiak izutu egin ziren. Azken horrek borroka irabazten lagundu zien mongoliarrei.
- Hungariari eraso egitean ere, estrategia on bat erabili zuen. Gengis Khanen armadako pisu gutxiko zaldunek ezin zieten Herbehereetako zaldun astunei aurre egin; beraz, mongoliarrek guduan atzera egiten zutelako itxura egin zuten. Horrela, herbeheretarren zaldiak nekatu egin ziren, eta orduan, mongoliarrek erasoari ekin zioten.
Hala ere, nahiz eta agintari gaizto eta bihozgabea zela esan, bere lurraldeetan bakea eta ordena ezarri zituen; tribuen arteko borrokak bukarazi; komunikazio bide berriak eraiki; bere menpekoen erlijioak errespetatu, eta hizkuntza idatziaren balioa baloratzen jakin zuen nahiz irakurtzen jakin ez.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Genghis Khan (1965eko filma), Omar Sharif aktoreak antzeztua.
- Mongol.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 16 or..
- ↑ Weatherford, Jack. (2016-10-25). Genghis Khan and the Quest for God: How the World's Greatest Conqueror Gave Us Religious Freedom. Penguin ISBN 978-0-7352-2116-1..
- ↑ Ian Jeffries (2007). Mongolia: a guide to economic and political developments. Taylor & Francis. pp. 5–7. ISBN 0-415-42545-X.
- ↑ Lane 2004, 29–41 orr. .
- ↑ Diana Lary. (2012). Chinese Migrations: The Movement of People, Goods, and Ideas over Four Millennia. Rowman & Littlefield, 53 or. ISBN 978-0-7425-6765-8..
- ↑ (Ingelesez) «Twentieth Century Atlas – Historical Body Count» necrometrics.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
- ↑ (Ingelesez) Gengis Khan. North Georgia College and State University jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2010-03-06) (Noiz kontsultatua: 2010-01-26).
- ↑ (Ingelesez) «Mongol empire – The Golden Horde» Encyclopædia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
- ↑ ЧИНГИСХА́Н Txantiloi:Wayback — Big Russian Encyclopedia, 2010
- ↑ Derenko et al. 2007, 2 orr. .
- ↑ Lee 2016, 4-6 orr. .
- ↑ Morgan 1986, 58 orr. .
- ↑ a b c d Ratchnevsky 1991, 9–10 orr. .
- ↑ Derenko et al. 2007, 5 orr. .
- ↑ Guida Myrl Jackson-Laufer, Guida M. Jackson, Encyclopedia of traditional epics, p. 527
- ↑ Kahn, Paul (adaptor). (1998). Secret History of the Mongols: The Origin of Chingis Khan (expanded edition): An Adaptation of the Yüan chʾao pi shih, Based Primarily on the English Translation by Francis Woodman Cleaves. Boston: Cheng & Tsui Co., 192 or. ISBN 978-0-88727-299-8..
- ↑ Columbia University, 3 orr. .
- ↑ «Primeros años de Gengis Kan». Consultado el 2020. ‹Jaio zenean, mutikoak orban bat zuen eskumuturrean; hala, xamanak gerrari ospetsua izango zela adierazi zuen.
- ↑ Lee 2016, 3 orr. .
- ↑ Rachewiltz 2015, 3 orr. .
- ↑ Atwood 2004a, 2 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Redefining Your Circumstances: Genghis Khan's Rise to Ruler of the World. Man of 300 2018-03-17 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-11-19) (Noiz kontsultatua: 2018-03-29).
- ↑ a b c Weatherford 2005, 23 orr. .
- ↑ Rachewiltz 2015, 5 orr. .
- ↑ Baer, Marc David. (2021). The Ottomans : khans, caesars, and caliphs. (izena. argitaraldia) New York ISBN 978-1-5416-7380-9. OCLC .1236896222.
- ↑ Atwood 2004a, 5 orr. .
- ↑ Rachewiltz 2015, 7 orr. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chalk, Frank. Historia y sociología del genocidio. Barcelona: Prometeo Libros (argitaratze data: 2004) ISBN 9875743763, 9789875743762. (Noiz kontsultatua: 2010-06-26).
- Weatherford, Jack. (2006). Genghis Khan y el nacimiento del mundo moderno. Barcelona: Crítica S.L./Círculo de Lectores S.A. (argitaratze data: 2004) ISBN 978-84-672-2596-9. (Noiz kontsultatua: 2011-07-25).
- Abbott, Jacob. (2014). «Genghis Khan» manybooks.net.
- Atwood, Christopher P.. (2004-06). «Validation by Holiness or Sovereignty: Religious Toleration as Political Theology in the Mongol World Empire of the Thirteenth Century» The International History Review 262: 237–256. doi: ..
- Atwood, Christopher. (2004a). Encyclopedia of Mongolia and the Mongol Empire. Shora Taarib Publications, 8–689 or. ISBN 978-1-4381-2922-8. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-06-08).
- Biran, Michal. (2012). Genghis Khan. London: Oneworld Publications ISBN 978-1-78074-204-5..
- Broadbridge, Anne F.. (2018). Women and the Making of the Mongol Empire. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-42489-9..
- May, Timothy. (2012). The Mongol Conquests in World History. London: Reaktion Books ISBN 978-1-86189-971-2..
- De Nicola, Bruno. (2016). «Chapter 4: The Economic Role of Mongol Women: Continuity and Transformation from Mongolia to Iran» in De Nicola, Bruno The Mongols' Middle East: Continuity and Transformation in Ilkhanid Iran. Leiden, South Holland: Brill, 79–105 or. ISBN 978-90-04-31472-6..
- Derenko MV, Malyarchuka BA, Wozniakb M, Denisovaa GA, Dambuevac IK, Dorzhud CM, Grzybowskib T, Zakharove IA. (2007-03). «Distribution of the male lineages of Genghis Khan's descendants in northern Eurasian populations» Russian Journal of Genetics 433: 334–337. doi: ..
- Hildinger, Erik. (1997). Warriors of the Steppe: Military History of Central Asia, 500 BC to 1700 AD. Cambridge, England: Da Capo Press ISBN 978-0-7867-3114-5..
- Jacobs, Steven L.. (1999). «Genghis Khan» Encyclopedia of Genocide: A-H. 1 Santa Barbara: ABC-CLIO, 247–248 or. ISBN 978-0-87436-928-1..
- Jagchid, Sechin. (1979). «The Mongol Khans and Chinese Buddhism and Taoism» The Journal of the International Association of Buddhist Studies 21: 7–28..
- Charny, Israel W.; Björnson, Karin Solveig. (1999). «Genocides During the Middle Ages» Encyclopedia of Genocide: A–H. 1 Santa Barbara: ABC-CLIO, 275–277 or. ISBN 978-0-87436-928-1..
- Lane, George. (2004). Genghis Khan and Mongol Rule. Westport, Connecticut: Greenwood Publishing Group ISBN 978-0-313-32528-1..
- Lee, Sieun. (2016). Molecular Genealogy of a Mongol Queen's Family and Her Possible Kinship with Genghis Khan. University of Mongolia ISBN 978-0-8153-4149-9..
- Cite based on title and URL:(Lkhagvasuren et al. 2016).
- Cite based on ISBN Strachan, T.; Read, Andrew P.. (2011). Human molecular genetics 4. (4. edizioa. argitaraldia) New York: Garland Science.
- Man, John. (2007). Genghis Khan: Life, Death, and Resurrection. New York: St. Martin's Press ISBN 978-0-312-36624-7..
- McLynn, Frank. (2015). Genghis Khan: His Conquests, His Empire, His Legacy. Hachette Books ISBN 978-0-306-82395-4..
- Morgan, David. (1986). The Mongols. Blackwell Publishing ISBN 978-0-631-17563-6..
- Ratchnevsky, Paul. (1991). Thomas Nivison Haining ed. Genghis Khan: His Life and Legacy [Čingis-Khan: sein Leben und Wirken. ] Oxford, England; Cambridge, Massachusetts: B. Blackwell ISBN 978-0-631-16785-3..
- Waterson, James. (2013). Defending Heaven: China's Mongol Wars, 1209–1370. Casemate Publishers ISBN 978-1-78346-943-7..
- Weatherford, Jack. (2004). «2: Tale of Three Rivers» Genghis Khan and the Making of the Modern World. New York: Random House/Three Rivers Press ISBN 978-0-609-80964-8..
- Weatherford, Jack. (2005). Genghis Khan and the Making of the Modern World. Crown ISBN 978-0-307-23781-1..
- «Genghis Khan» Schools Wikipedia Selection: 10–16..
- «The Mongols in World History» Asian Topics in World History (Columbia University).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Gengis Khanen bizitza
- (Gaztelaniaz) El Mundoren laminak
- (Gaztelaniaz) Gengis Khanen biografia