Edukira joan

Errusiera

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Errusiera
русский язык‎
Datu orokorrak
Lurralde eremuaErrusia, Bielorrusia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan.
Hiztunak285 milioi
Rankinga8
OfizialtasunaErrusia, Bielorrusia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan
EskualdeaEuropako ekialdean eta Asian
UNESCO sailkapena1: ziurra
AraugileaErrusiar Akademiako Zientziak
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
balto-eslaviar hizkuntzak
Eslaviar hizkuntzak
Ekialdeko eslaviar hizkuntzak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, nominatibo-akusatibo hizkuntza, hizkuntza azentuala, ordena libreko hizkuntza, hizkuntza fusionatzailea, hizkuntza sintetikoa eta pro-drop language (en) Itzuli
Denbora gramatikalaklehenaldia, orainaldia eta geroaldia
Modu gramatikalakindikatiboa, agintera eta subjuntiboa
Genero gramatikalakgenero neutroa, genero femeninoa, genero maskulinoa, genero komuna, masculine inanimate (en) Itzuli eta masculine animate (en) Itzuli
Kasu gramatikalaknominatiboa, genitiboa, datiboa, akusatiboa, instrumentala, prepositional case (en) Itzuli, lokatiboa, partitiboa eta bokatiboa
Alfabetoaerrusiar alfabetoa eta alfabeto zirilikoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1ru
ISO 639-2rus
ISO 639-3rus
Ethnologuerus
Glottologruss1263
Wikipediaru
Linguasphere53-AAA-ea
ASCL3402
IETFru

Errusiera[1] (ру́сский язы́к, russkij jazyk, /ˈruskʲɪj jɪˈzɨk/ ahoskatua) ekialdeko eslaviera hizkuntza da[Oh 1][2], indoeuropar hizkuntzen familiako adar baltiko-eslaviarrekoa. Ekialdeko eslaviar lau hizkuntzetako bat da, eta errusiarren jatorrizko hizkuntza da. Antzinako Sobietar Batasuneko de facto[3] eta De iure hizkuntza ofiziala izan zen[4]. Errusiera, Errusiar Federazioko, Bielorrusiako, Kazakhstango, Kirgizistango eta Tajikistango hizkuntza ofiziala izaten jarraitu du, eta, oraindik ere, lingua franca gisa erabili ohi da Ukrainan, Moldavian, Kaukasian, Erdialdeko Asian eta, neurri txikiagoan, Herrialde Baltikoetan eta Israelen[5][6][7][8].

Errusierak 253 milioi hiztun baino gehiago ditu mundu osoan[9]. Europan gehien hitz egiten den jatorrizko hizkuntza da[10], eslavieraz gehien hitz egiten dena[11], baita, Eurasian, geografikoki, hizkuntza zabalduena ere[11]. Munduan gehien hitz egiten den zazpigarren hizkuntza da jatorrizko hiztunen kopuruaren arabera[12], eta, munduko bederatzigarren hizkuntzarik erabiliena, hiztun kopuru osoari dagokionez. Errusiera, Nazioarteko Espazio Estazioan dauden bi hizkuntza ofizialetako bat da[13]; Nazio Batuen sei hizkuntza ofizialetako bat[14], eta Interneten gehien erabiltzen den laugarren hizkuntza ere[15]. Idatzizko adibideak X. mendetik ageri dira.

Inflexio-sintetikoaren forma gordetzen du, baita eslaviera komunaren oinarrizko hitzak ere. Errusiera modernoa nazioarteko politikaren, zientziaren eta teknologiaren arloetan ere muntakoa da. Politikan, XX. mendeko hizkuntzarik garrantzitsuenetakoa izan zen: horren erakusgarri da Nazio Batuen Erakundeko sei hizkuntza ofizialetako bat dela.

Errusiera idazkera alfabeto ziriliko errusiarra erabiliz idazten da; bigarren mailako artikulazio palatala duten kontsonante fonemak eta ez dutenak bereizten ditu: hots, bigunak eta gogorrak deritzenak. Ia kontsonante orok du alde gogor edo bigun partea, eta, bereizketa hori, hizkuntzaren ezaugarri nabarmena da, idatziz agertzen dena ez kontsonantea aldatuz, baizik eta hurrengo bokala aldatuz. Beste alderdi garrantzitsu bat da bokal atonoak neutralizatzea. Azentuatzea, askotan aurreikusi ezina dena, ez da, normalean, ortografikoki adierazten[16], nahiz eta hautazko azentu zorrotza erabil daitekeen markatzeko, adibidez, hitz homografikoak bereizteko (hala nola замо́к [zamók, 'sarraila'] eta за́мок [zámok, 'gaztelu']), edo ohikoak ez diren hitz edo izenen ahoskera egokia adierazteko.

Errusiera, indoeuropar familia zabaleko ekialdeko eslaviar hizkuntza da. Ekialdeko antzinako eslavieraren ondorengoa da, Kieveko Rusan erabilitako hizkuntza, IX. mendearen amaieratik XIII. mendearen erdialdera arte izan zen ekialdeko eslaviar tribu-pilaketa aske bat. Ahozko hizkuntzaren ikuspuntutik, haren ahaiderik hurbilenak ukrainera, bielorrusiera eta Rusiniera dira[17], ekialdeko eslaviar adarreko beste hiru hizkuntzak. Ukraina ekialdeko eta hegoaldeko leku askotan eta Bielorrusia osoan, hizkuntza horiek bereizketarik gabe hitz egiten dira, eta, zenbait arlotan, elebitasun tradizionalak hizkuntza nahasketak ekarri zituen, hala nola Ukraina ekialdeko surzhyk eta Bielorrusiako trasianka. Novgorod ekialdeko eslaviar dialekto zahar bat (XV. edo XVI. mendeetan desagertu bazen ere), batzuetan, errusiera modernoaren sorreran garrantzi handia izan zuela uste da. Halaber, errusierak antzekotasun lexiko nabarmenak ditu bulgarierarekin, bi hizkuntzetan eliza eslaviarraren eragin komun bat dela eta, baina XIX. eta XX. mendeetako elkarreraginaren ondorioz, Bulgariako gramatika eta Errusiakoa oso ezberdinak dira[18].

Mendeetan zehar, errusieraren hiztegi eta literatura-estiloak mendebaldeko Europako eta erdialdeko hizkuntzen eragina ere izan du, hala nola greziera, Latin, poloniera, nederlandera, Aleman, frantses, italiera eta ingelesarena[19], eta, neurri txikiagoan, hegoaldeko eta ekialdeko hizkuntzena: uraldar, turkiar[20][21], persiera[22][23], arabiera eta hebreerarena[24].

Montereyko (Kalifornia) Defentsa Hizkuntzako Institutuaren arabera, Errusiera III. mailako hizkuntza gisa sailkatzen da, jatorrizko ingeles hiztunen ikasteko zailtasunari dagokionez, gutxi gorabehera 1.100 orduko murgiltze-instrukzioa behar izatea tarteko jarioa lortzeko[25].

Errusiera estandarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatiketa eta gatazka feudalek Errusiako printzerrien arteko oztopoak sortu zituzten mongolen agintearen aurretik, eta, bereziki, haien garaian. Horrek ezberdintasun dialektalak indartu zituen, eta denbora batez, hizkuntza nazional estandarizatu baten agerpena eragotzi zuen. Errusiar estatu bateratu eta zentralizatuaren eraketa XV eta XVI mendeetan eta espazio politiko, ekonomiko eta kultural komun baten pixkanakako berragerpenak hizkuntza estandar komun baten beharra sortu zuen. Normalizaziorako hasierako bultzada, gobernuaren burokraziatik etorri zen; bada, gai administratibo, juridiko eta judizialetan komunikazio tresna fidagarririk ez zegoenez, arazo praktiko nabaria bihurtu zen. Errusiera estandarizatzeko lehen saiakerak oinarritu ziren Moskuko kantzilertzan edo hizkuntza ofizial deitutakoan, XV-XVII. mende bitartean[26]. Harrezkero, Errusiako hizkuntza-politikaren joera estandarizazioa izan da, bai errusiar etnikoen arteko oztopo dialektikoak murrizteko zentzu mugatuan, bai errusieraren erabilera beste hizkuntzen ondoan edo haien alde zabaltzearen zentzurik zabalenean[26].

Errusieraren gaur egungo forma estandarra, oro har, errusiar hizkuntza literario modernotzat hartzen da (современный русский литературный язык – «sovremenny russky literaturny yazyk»). XVIII. mendearen hasieran sortu zen, Petri II.a Handiaren agintepean, Errusiako estatua modernizatzeko erreformekin, eta Moskuko dialekto-substratutik (erdialdeko errusiera) garatu zen, aurreko mendeko errusiar kantzilertza hizkuntza baten eraginpean[26].

Iraultza boltxebikearen aurretik, errusieraren forma mintzatua nobleziarena eta hiri-burgesiarena zen. Errusiar nekazariek, biztanleriaren gehiengo handiak, beren dialektoetan hitz egiten jarraitzen zuten. Hala ere, nekazarien hizketa ez zen inoiz sistematikoki aztertu, zeren filologoek, oro har, folklore-iturritzat eta jakin-minerako iturritzat hartzen baitzuten[27]. Hala aitortu zuen Nikolai Karinsky dialektologo errusiar adituak, zeinak bere bizitzaren amaieran idatzi baitzuen: «Errusiar dialektoen adituek, gehienbat, fonetika eta morfologia aztertzen zituzten. Zenbait ikerlari eta bildumagilek tokian tokiko hiztegiak bildu zituzten. Ia-ia ez dugu errusiar dialektoen lexikoaren edo sintaxiaren azterketarik»[28].

1917tik aurrera, hizkuntzalari marxistek ez zuten inolako interesik nekazarien dialekto ugaritasunean, eta haien hizkuntza azkar desagertuko zen iraganeko erlikiatzat hartu zuten, adituen arreta merezi ez zuena. Nakhimovskyk aipatzen ditu A.M Ivanov eta L.P Yakubinsky akademiko sobietarrak, eta, 1930ean, idatzi zuen:

« Nekazarien hizkuntzak feudalismotik jasotako aniztasun heterogeneoa du. Proletalgoranzko bidean, nekazariak, fabrikari eta industriari, beren tokiko nekazari-dialektoak gehitzen dizkio, haien fonetika, gramatika eta hiztegiarekin, Nekazarien artean, langileak kontratatzeko prozesuak berak eta langileen mugikortasunak beste prozesu bat sortzen dute: nekazarien herentziaren likidazioa tokiko dialektoen berezitasunak berdinduz. Nekazari-eleaniztasunaren hondakinen gainean eta industria astuna garatzeko testuinguruan, kualitatiboki berria den entitate bat sortzen dela esan daiteke, langile-klasearen hizkuntza orokorra... Kapitalismoak gizarte jakin baten hiri hizkuntza orokorra sortzeko joera du[29]. »

Banaketa geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hemisferioaren ikuspegia, errusiera hizkuntza ofiziala den herrialdeena eta, gutxienez, biztanleen % 30ek lehen edo bigarren hizkuntza gisa hitz egiten duten baina hizkuntza ofiziala ez den herrialdeena.

2010ean, errusieraren 259,8 milioi hiztun zeuden munduan: Errusian, 137,5 milioi; EBE eta Baltikoko herrialdeetan, 93,7 milioi; ekialdeko Europan, 12,9 milioi; mendebaldeko Europan, 7,3 milioi; Asian, 2,7 milioi; Ekialde Hurbilean eta iparraldeko Afrikan, 1,3 milioi; Saharaz hegoaldeko Afrikan, 0,1 milioi; Latinoamerikan, 0,2 milioi; Estatu Batuetan, Kanada, Australia eta Zeelanda Berrian, 4,1 milioi hiztun. Beraz, errusiera munduko zazpigarren hizkuntza da hiztun kopuruagatik, ingelesaren, mandarineraren, hindi-urduaren, gaztelaniaren, frantsesaren, arabieraren eta portugesaren ondoren[30][31][32].

Errusiera, Nazio Batuen Erakundeko sei hizkuntza ofizialetako bat da. Errusierazko hezkuntza oraindik ere hautu herrikoia da, bai errusiera bigarren hizkuntza gisa, bai Errusiako jatorrizko hiztunentzat zein Sobietar Errepublika ohi askotan ere. Errusiera, oraindik ere antzinako errepublika sobietar gehienetan, haurrek ikasteko hizkuntza garrantzitsutzat ikusten da[33].

Estatus ofiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiako hizkuntza ofiziala da, eta baita Bielorrusia, Kazakhstan, Tajikistan eta Kirgizistanekoa ere. Nazio Batuak erabiltzen dituen sei hizkuntzetako bat da.

Eskola publikoko ikasle errusiarren % 97k, bielorrusiarren % 75ek, kazakhstandarren % 41ek, ukrainarren % 24k, kirgizistandarren % 23k, moldaviarren % 21ek, azerbaijandarren % 7k eta georgiarren % 5ek ikasketa guztiak edo gehienak errusieraz egiten dituzte.

Idazteko sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Alfabeto ziriliko»

Errusiera alfabeto ziriliko berri eta modernoaz (кириллица) idazten da; 33 letra ditu. Hona letra larriak eta xeheak eta balioa:

А a
/a/
Б б
/b/
В в
/v/
Г г
/ɡ/
Д д
/d/
Е е
/je/
Ё ё
/jo/
Ж ж
/ʒ/
З з
/z/
И и
/i/
Й й
/j/
К к
/k/
Л л
/l/
М м
/m/
Н н
/n/
О о
/o/
П п
/p/
Р р
/r/
С с
/s/
Т т
/t/
У у
/u/
Ф ф
/f/
Х х
/x/
Ц ц
/ts/
Ч ч
/tɕ/
Ш ш
/ʂ/
Щ щ
/ɕː/
Ъ ъ
/-/
Ы ы
/ɨ/
Ь ь
/ʲ/
Э э
/e/
Ю ю
/ju/
Я я
/ja/

Transliterazio sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiak, 156. arauan[34], alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema ematen du.

Errusierazko alfabeto zirilikoa Transliterazioa
Larri Xehe ital. izena soinua (NAF)
А а а A /a/
Б б б be /b/
В в в ve /v/
Г г г ge /g/, /ɦ/
Д д д de /d/
Е е е je /jɛ/
Ё ё ё je /jo/
Ж ж ж zhe /ʒ/[35]
З з з ze /z/
И и и i /i/
Й й й i kratko /j/
К к к ka /k/
Л л л el /l/
М м м em /m/
Н н н en /n/
О о о o /o/
П п п pe /p/
Р р р er /r/
С с с es /s/
Т т т te /t/
У у у u /u/
Ф ф ф ef /f/
Х х х kha /x/
Ц ц ц tse /ʦ/
Ч ч ч txe /ʨ/
Ш ш ш xa /ʂ/
Щ щ щ stxa /ɕː/
Ъ ъ ъ ikur gogorra
Ы ы ы jery /ɨ/
Ь ь ь ikur leuna /◌ʲ/
Э э э e /ɛ/
Ю ю ю ju /ju/
Я я я ja /ja/
euskara ISO ingelesa frantsesa gazt.
a a a a a
b b b b b
v v v v v
g g g,gu g,gu g,gu
d d d d d
e, je, ie[36] e e, ye e, ie, ïe, é ye, ie, e
o, io[37] ë yo io, e yo, io, o
zh ž zh j zh
z z z z z
i i i i, ï i
(), j, i[38] j i —, ï i
k k k k k
l l l l l
m m m m m
n n n n / -ne[39] n
o o o o o
p p p p p
r r r r r
s s s s, ss s
t t t t t
u u u ou u
f f f f f
kh h kh kh j
ts c ts ts ts
tx č ch tch ch
x š sh ch sh
stx šč / ŝ shch chtch shch
[40] " — / '
i y y y y
[40] ' — / y — / '
e è e e e
iu, ju[41] ju / û yu ou, ïou, iou yu, iu
ia, ja[41] ja / â ya a, ia, ïa, ya ya, iu

Errusiera idazten den bezala ahoskatzen da, ia. Hau da, soinu fonetikoak, morfologikoak, etimologikoak eta gramatikoak eta, adibidez, hizkuntza bizi gehienen antzera, bere logikak eta kontradikzioak ditu barne.

Idazteko arauen azken berrikuntzak eta aldaketak 1918an egin ziren, eta arau guztiak 1956an amaitu. Hiztun batzuek, oraindik, ez dituzte azken aldaketak barneratu, eta, horren ondorioz, batzuetan, akatsak egiten dituzte.

Puntuazioa bizantziar grezieratik hartu zuten hasiera batean, baina, 1700 eta 1800 artean, guztiz aldatu zen, frantses eta alemanezko ereduak hartu baitziren.

Hizkuntzaren egitura eta ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusierazko izenek, izan ere, kasuak, numeroak (singularra eta plurala) eta generoak (maskulinoa, femeninoa eta neutroa) dituzte. Deklinabide-sistema konplexua da, sei kasu gramatikal baitaude:

  • Nominatiboa: subjektua kasu horretan doa.
    • Отец тебя любит. Otets tebia liubit. (Aitak maite zaitu).
  • Akusatiboa: osagarri zuzenarekin erabiltzen da.
    • Я люблю собаку. Ja liubliu sobaku. (Nik txakurra maite dut).
  • Datiboa: aditzaren ekintza nori zuzenduta dagoen adierazteko.
    • Я говорю тебе. Ja govoriu tebe. (Nik zuri esaten dizut).
  • Genitiboa: NOREN kasuarekin pareka genezake; era berean, ezezko esaldietan objektu zuzena adierazten du.
    • Машина сестры. Maxina sestry. (Arrebaren / Ahizparen autoa);
    • У меня нет денег. U menia net deneg. (Nik ez dut dirurik).
  • Instrumentala: ZEREZ adierazten du; etorkizunean gertatzen diren esaldietan erabiltzen da halaber.
    • Я вижу глазами. Ja vizhu glazami. (Nik begiez ikusten dut).
  • Preposizionala: lekuzko eta abarreko ezaugarriak ematen dizkio hitzari.
    • В саду работает мужчина. V sadu rabotaiet muzhtxina. (Lorategian gizon batek lan egiten du).

Alemanez jazotzen denaren antzera, preposizioek ondoren datorren hitzaren kasu gramatikala zehazten dute.

  • Напротив дома стоит моя машина. Naprotiv doma stoit moja maxina. (Nire autoa etxearen aurrealdean dago).

Errusierazko aditzek konjugazioa, hiru denbora (orainaldi, lehenaldi eta geroaldi bakunak), hiru modu eta bi ahots dituzte.

Esaldietan, являться javliatza aditza (egon, izan) ez da beharrezkoa: Мальчик красив Maltxik krasivyj (maltxik «mutila», krasivyj «ederra») = «Mutila ederra da».

Atzizki nagusiak orainaldian -ю -iu, -шь -x, -т -t, -ем / -им -jem / -im, -ят / -ют -iat / -iut eta -те -te dira.

Любить Liubit' = maite:

  • Я люблю Ja liubliu = Maite dut;
  • Ты любишь Ty liubix = Maite duzu;
  • Он / Она / Оно / Это любит On / Ona / Ono / Eto liubit = Maite du;
  • Мы любим My liubim = Maite dugu;
  • Они любят Oni liubiat = Maite dute;
  • Вы любите Vy liubite = Maite duzue.

Atzizki nagusiak lehenaldian -л -l, -ла -la, -ло -lo, eta -ли -li dira. Adibidez, Выпить Vypit' (edan) aditzarekin:

  • Я выпил воду Ja vypil vodu = Nik ura edan dut;
  • Ты выпил воду Ty vypil vodu = Zuk ura edan duzu;
  • Мужчина выпил воду Muzhtxina vypil vodu = Gizonak ura edan du;
  • Девочка выпила воду Devotxka vypila vodu = Neskak ura edan du;
  • Привидение выпило воду Prividenije vypilo vodu = Mamuak ura edan du;
  • Мы выпили воду My vypili vodu = Guk ura edan dugu;
  • Они выпили воду Oni vypili vodu = Haiek ura edan dute;
  • Вы выпили воду Vy vypili vodu = Ura edan duzue.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Rusiniera barne, batzuetan, Ukrainan, ukrainar dialekto gisa sailkatzen dena

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Magocsi, Paul Robert. (1996). «Language and National Survival» Jahrbücher für Geschichte Osteuropas (Franz Steiner Verlag) 44 (1): 83–85..
  3. Since 1990
  4. Constitution and Fundamental Law of the Union of Soviet Socialist Republics, 1977: Section II, Chapter 6, Article 36
  5. Russian Language Enjoying a Boost in Post-Soviet States. Gallup 2008-08-01 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2010-05-18) (Noiz kontsultatua: 2010-05-16).
  6. (Errusieraz) Арефьев, Александр. (2006). «ru:Падение статуса русского языка на постсоветском пространстве» Демоскоп Weekly (251) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-03-08).
  7. Spolsky & Shohamy 1999, 236 orr. .
  8. Isurin 2011, 13 orr. .
  9. Txantiloi:E28
  10. «The 10 Most Spoken Languages in Europe» Tandem 2019-09-12 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-06-02) (Noiz kontsultatua: 2021-05-31).
  11. a b Russian. University of Toronto jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-06-28) (Noiz kontsultatua: 2021-07-09)
    Aipua: «"Russian is the most widespread of the Slavic languages and the largest native language in Europe. Of great political importance, it is one of the official languages of the United Nations – making it a natural area of study for those interested in geopolitics."»
    .
  12. «The World's Most Widely Spoken Languages» Saint Ignatius High School (Cleveland, Ohio) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-09-27) (Noiz kontsultatua: 2012-02-17).
  13. Wakata, Koichi. My Long Mission in Space. JAXA jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-04-26) (Noiz kontsultatua: 2021-07-18)
    Aipua: «"The official languages on the ISS are English and Russian, and when I was speaking with the Flight Control Room at JAXA's Tsukuba Space Center during ISS systems and payload operations, I was required to speak in either English or Russian."»
    .
  14. Official Languages. United Nations jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-07-13) (Noiz kontsultatua: 2021-07-16)
    Aipua: «"There are six official languages of the UN. These are Arabic, Chinese, English, French, Russian and Spanish. The correct interpretation and translation of these six languages, in both spoken and written form, is very important to the work of the Organization, because this enables clear and concise communication on issues of global importance."»
    .
  15. (Ingelesez) «Most used languages online by share of websites 2024» Statista.com jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2024-04-27) (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  16. Timberlake 2004, 17 orr. .
  17. Most similar languages to Russian. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-05-25).
  18. Sussex & Cubberley 2006, 477–478, 480 orr. .
  19. Minns, Ellis Hovell. Russian Language. 23, 912–914 or..
  20. Waterson, Natalie. (1955). «The Turkic Languages of Central Asia: Problems of Planned Culture Contact by Stefan Wurm» Bulletin of the School of Oriental and African Studies, University of Londres 17 (2): 392–394.  doi:10.1017/S0041977X00111954. ISSN 0041-977X..
  21. Falling Sonoroty Onsets, Loanwords, and Syllable contact. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-05-05) (Noiz kontsultatua: 2015-05-04).
  22. Aliyeh Kord Zafaranlu Kambuziya; Eftekhar Sadat Hashemi. (2010). «Russian Loanword Adoptation in Persian; Optimal Approach» roa.rutgers.edu jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-05-05) (Noiz kontsultatua: 2015-05-04).
  23. Iraj Bashiri. (1990). «Russian Loanwords in Persian and Tajiki Language» academia.edu jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-05-30) (Noiz kontsultatua: 2015-05-04).
  24. Colin Baker, Sylvia Prys Jones Encyclopedia of Bilingualism and Bilingual Education Artxibatua 2018-03-20 hemen: Wayback Machine pp 219 Multilingual Matters, 1998 ISBN 1-85359-362-1
  25. Thompson, Irene. «Language Learning Difficulty» mustgo jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-05-27) (Noiz kontsultatua: 2014-05-25).
  26. a b c (Ingelesez) Kadochnikov, Denis V.. (2016). Ginsburgh, Victor ed. «Languages, Regional Conflicts and Economic Development: Russia» The Palgrave Handbook of Economics and Language (Londres: Palgrave Macmillan UK): 538–580.  doi:10.1007/978-1-137-32505-1_20. ISBN 978-1-349-67307-0. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2024-01-22) (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
  27. Nakhimovsky,A.D.(2019).The Language of Russian Peasants in the Twentieth Century: A Linguistic Analysis and Oral History.United Kingdom:Lexington Books. (Chapter 1)
  28. Nakhimovsky,A.D.(2019).The Language of Russian Peasants in the Twentieth Century: A Linguistic Analysis and Oral History.United Kingdom:Lexington Books. (p.2)
  29. Ibid.(p.3)
  30. (Errusieraz) Демографические изменения – не на пользу русскому языку. Demoscope.ru jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-08-05) (Noiz kontsultatua: 2014-04-23).
  31. (Ingelesez) Lewis, M. Paul, ed. (2018-02-21). «Statistical Summaries. Summary by language size. Language size» Ethnologue: Languages of the World (Dallas: SIL International) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-12-26) (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
  32. (Errusieraz) Арефьев А. Л.. (2013-10-31). «Сжимающееся русскоязычие. Демографические изменения — не на пользу русскому языку» Демоскоп Weekly (571–572) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-08-05) (Noiz kontsultatua: 2014-01-23).
  33. Russia's Language Could Be Ticket in for Migrants. Gallup 2008-11-28 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-09-28) (Noiz kontsultatua: 2010-05-26).
  34. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema, Euskaltzaindiaren 156. araua.
  35. ahoskatzen da mendebaldeko bizkaieraz jakin bezala edo frantsesez jupe bezala
  36. Hitz hasieran J gehitu, bokal ondoren tokatzen bada I gehitu
  37. ж, ч, ш eta щ letren ondoren O, gainerako kasuetan IO
  38. i laburra: ez da transkribatzen <ий> edo <ый> amaieretan; hitz hasieran J eta gainerakoan I (i)
  39. hitz amaieran -ne
  40. a b Ez da transkribatzen.
  41. a b Hitz hasieran J-rekin, gainerakoan I-rekin
Ingelesez
Errusieraz

Irakurketa gehiago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.